Hika eta toka. Noka ere toka!

Hika eta toka. Noka ere toka! liburua argitaratu du ALKE kultur taldeak Leitzako hitanoa edo hiketakoa jorratzeko.

Fernando Oiartzun Sagastibeltzak gidatu du hiketan ikasteko eta gure herria hobeki ezagutzeko auzolanean egindako liburua.

Adituak aspaldi esaten ari zaizkigu hikako tratamendua gainbehera doala euskararen lurralde guztietan. Horren ondorioz, zenbait herritan (Zumaia, Azkoitia, Oñati…) gai hori landu dute azken urteotan. Leitzan ere bada hiketako erregistroa berreskuratzeko gogoa duen jendea. Eta duela 10 urte, Kultur taldeak lekukoa hartu zuen eta hitanoa aztertzeari gogotsu ekin.

Kultur taldearen lanketa horren emaitzak, liburu formatuan, aukera emanen digu, aurrerantzean, herriko hiketako moldea edozeinek ikasteko eta lantzeko modua izatea; ez dakitenentzat, edo dakitena osatu nahi dutenentzat, neskekin eta mutilekin hika egiteko.

Argitaratu berri den Liburuan Leitzako hika mintzamoldea txukun-txukun bildu da. Eta erabilera egokirako alderdia ere jorratu da. Marko teoriko labur eta erraz baten bidez, noiz, nola, non, norekin egin behar den hiketan jakin daiteke. Lan hori, gainera, aditu batzuek ere gainbegiratu dute eta lagundu dute emaitza hobea eta osoagoa izan dadin.

Arestian esan bezala, azkeneko hamarkadetan Euskal Herri osoan erregistroak gainbehera doaz. Hiketan aritzen direnak gero eta gutxiago dira. Herri askotan desagertu ere egin da, edo noka bederen bai: galerarik handiena noka edo neskekiko erregistroan gertatzen ari baitzaigu. Hika bizirik dagoen herrietan noka askoz gutxiago aritzen dira, eta toka, mutilekiko erregistroan, gero eta okerrago.

Leitzan antzera gertatu zaigu: aspaldi noka hori entzun ere ez da egiten, ia-ia galdutzat jotzen genuen. Eta mutilena gehiago entzun arren, 50 urtez beherakoen artean, gero eta gutxiago eta okerrago egiten da. Alabaina, gure harridurarako, badira hiketan ederki egiten duten emakumeak, baita noka dakiten gizonak ere.

Hala, uste genuena baina hobea da egoera Leitzan. Eta guk hurbilean ditugun hiztun batzuk hartu ditugu, 20 bat lagun, gizon-emakume, eta elkarrizketa eta grabazioen bidez, ordu asko emanda, erabilera zertan den jorratu dugu. Horretaz gain, aditz-bilduma osoa egin dugu Leitzako moldean: noka eta toka. Bilduma hori, gainera, testuinguruan egin dugu: aditzak hiztunek esan bezala jaso ditugu esaldi eta kontakizun errealetan kokatuak, erabiltzen diren bezala irakurtzeko eran izan ditzazun, “leitzeko” moldean.

Bestalde, argitalpen honekin gauza asko ikasi ahalko dituzu, 80 kontakizun bildu baitira bertan. Kontakizun horiek guziak ere oso interesgarriak dira; jorratu diren gaiak ez baitira ahuntzaren gauerdiko eztula. Ez horixe! Hona hemen zein gai jorratu diren: garai bateko bizimodua, haurtzaroa, auzolana, arbasoen sinesmenak, sorgin eta jentil kontuak, botika zaharrak eta sendabelarrak, emakumeen bizimodu latza, suaren inguruko erritualak, gerraren ondorio bortitzak, gaur egungo egoera eta gaiak…

Hika eta toka. Noka ere toka! liburua irakurriz gozatu zaitezen nahi dugu; eta bidenabar, gure herria hobeki ezagutu dezazun, arbasoengandik asko baitugu ikasteko. Opari ederra utzi digute guk elkarrizketatu ditugun herritar horiek guziek: haien bizipenak eta jakinduria eskaini baitizkigute, denon esku paratu.

LIBURUA SALGAI

Liburua salgai dago dagoeneko herriko liburu-dendetan eta Peritza tabernan. Bestalde, internet bidez ere eros daiteke:
Hemen bertan klikatu, liburua erosi nahi baduzu.